Education Vs Poverty

2007-05-04

Diskurtso modernista auzitan

Paradigma alternatiboren bila:
f

Azkenaldiotan, postmodernismoa (formulazio ezberdinetan) izan da modernismoaren postulatuak zorrotzenik kritikatu dituena. Honen ezaugarri batzuk hauek dira:

1. Postmodernismoak modernismoaren sistema oroesplikatzaileak, edo Lyotardekin esateko, "metanarratzaileak" edo azalpen totalitarioak ukatzen ditu.

2. Posmodernismoak zerbait berria ekartzen du pentsamenduaren zelaira, modernismoaren aurka, eta da arrazoia, agintaritza, egia eta etika ez direla absolutuak; alderantziz, horien eraikuntzan, absolutuaren ganetik, historikoa eta kontingentea denaren erresuma dagoela.

3. Herri kulturan edota beste kultura ezberdinen kontra mugak ezarri dituen diskurtso modernistaren kontra, posmodernismoak dio, menperapen ondorioz sistemak baztertuak izan diren eta diren kultura horiek -hala nola, arraza, klase, genero, etniaren kategoriak- direla, hain zuzen, aintzakotzat hartu beharrekoak, eta beraz, modernismoak herri zibilizatu eta ez zibilizatuen, kultura aurreratuen eta ez aurreratuen artean jarritako mugak gainditu egin behar direla.

4. Azkenik, orokorrean esanda, arrazoi unibertsalak ez duela balio giza arazoen azalpenerako, narratiba totalizatzaileak soberan daudela, Mendebaldeko Europako kulturaren kontzeptu etnozentrikoa kasu. Eta arraza, klase, genero eta etniarengatik ezberdintzen direnak, gizartearentzat mehatxu bat ez, baizik desberdintasun horiek gizarte demokratiko baten printzipiorik oinarrizkoenak izan behar dutela (Giroux).

Zentzu honetan, kritika postmodernistak zerbitzu teoriko eta soziopolitiko garrantzitsua eskaintzen du "besteek" -zehazki, baztertuek eta menperatuek- beren ahotsa entzunaraz dezaten, beren historia partikularrak eta beren nortasun indibidualak zein kolektiboak eraiki ditzaten.


Bestetasunaren pedagogia:

Diskurtso modernista etnozentristak bestetasuna (alteridad) arriskutzat jo du, berdintasunaren eta tolerantziaren kontzeptua arriskuan jartzen zuelako. "Beste" horiek beti ere arriskutsuak ziren eta dira, Estatu-nazioez osaturiko Europa neoliberal eta neokontzerbadore honetan, eta horregatik, bere mugak zaintzen ahaleginduko da, fisikoak (inmigrazioaren aurka), linguistikoak (eleaniztasunaren aurka), akademikoak ("besteen" curriculum propioen aurka), politikoak (mugimendu nazionalisten aurka). Pentsamendu bakarreko estatu etnozentristarentzat mehatxu bat, adibidez, Euskal Herriak, bertako errealitate soziopolitiko eta historikotik abiatuta, bere neurriko curriculum berezi eta espezifikoa egin ahal izatea.

Iturria: Iztueta P. (2002) "Euskal curriculuma bestetasunaren ikuspegitik"

No hay comentarios: